HEZITZAILEAREN PAPERA
Gizarteko gai gehienetan gertatzen den bezala teoria ezberdin eta anitzak aurkitzen dira horietako bakoitzarentzako. Zortez badira ikerketara jarduten diren pertsonak, eta nahiz eta horietako bakoitzak bere ikerketen araberako ideiak plazaratu; garrantzitsuena guk bibliografia eta ebidentzia ezberdinetatik eratorritako artikulu ezberdinak irakurri eta denak kontuan hartuz, ideia sakonak eratzea da (hau praktikan lantzeko aukera izanez gero hobeto, horrela hain garrantzitsua den esperientziaren puntua ere izango genuke).
Testu honek helduok haurrari hainbestetan esaten diogun “oso ongi” hitz estimulatzailearen inguruan hitz egiten du. Gehienok ohituak gaude eta poza ematen digu gainera, haurrak lorpen bat burutzen duenean edota zerbait bere kabuz ondo burutzen duenean, ekintza hau oso ongi esanez txalokatzera. Irakurri dugunaren arabera, egia izan daiteke haurrari egiten duen ekintza bakoitza txalotzeak, biziozko zirkulu batean sartu eta ekintza bera edo egiten dituen ekintzak haurrak helduaren onarpena lortu nahian burutzea eragin iezaiokela. Baina gehiegizko estimulua ona ez dela baieztatzen dugun moduan, ez dugu uste ere ezer esatea denik onena. Oreka, gauza bakoitzaren neurrian dagoela uste dugu.
Alde batetik, ikasi dugu hezitzaile moduan haurrei egiten duten lorpen guztiak zoriondu, txalotu eta hitz ederrez apaintzen badizkiogu; haurrari bere lorpen horrekiko protagonismo guztia kentzen diogula. Egia da, izan ere haurrari egin duen guztia txalotuz ez diogu uzten bere lorpenaz jabetzen, eta jakingo duen bakarra da “egin duena ondo dagoela, hezitzaileak txalotu diolako, baina ez egin duen hori bere kabuz, bere indar eta lorpenez egin duelako”, beraz hein batean helduok haurraren papera lapurtzen dugu. Denboraren poderioz, haurrak ikasi egingo du zer den momentuan bere erreferente den horren arabera (guraso zein hezitzaile) ondo edo gaizki dagoena eta, une oro jokatuko du baldintza horri jarraiki, bere pentsamendu kritiko eta ideia propioak eraiki gabe.
Bestetik ordea, haurrari noizean behin egiten duena ondo dagoela esateko eta zoriontzeko “oso ongi” moduko hitzak erabiltzea egokia dela deritzogu, hauek haurraren autonomia, autoestimua eta segurtasuna indartzeko baliagarriak direnean beti ere; eta ez, helduaren beharrak asetzeko gisa.
Hezitzaileok beraz, gure haurrak ezagutu behar ditugu, haur bakoitza bere bakardade eta osotasunean ezagutu behar dugu; eta bakoitza den moduan errespetatu behar dugu. Errespetu eta heziketa horrek bere barne hartzen du haurraren autonomia, eta guk etorkizunean bere erabakien jabe izango diren pertsona autonomoak hezi nahi ditugu. Horregatik, “oso ongi” hitza haurra honen menpeko bihurtu gabe erabiliko dugu, bere neurrian. Haurra bere erabakien jabe izaten eta horiek martxan jarri ditzan lagunduko dugu. Gainera, maila bakoitzean dituen lorpenen jabe izaten lagunduko diogu; honekin noizean behin “oso ongi” hitzaz indartu (beti ere, lehen esan moduan, haurraren autoestimu, lorpen eta segurtasuna indartuz) ahal izango dugu egindakoa baina gure helburu nagusia, haurra bere lorpenen protagonista eta buru bihurtzea izango da eta berak hala nahi izanz gero, lorpen hori bere erreferentea denarekin konpartitu ahal izango du. Guk, gure haurraren ahotik pozez beteriko “Lortu dut!, egin dut!...” moduko espresioak entzun nahi ditugu, eta egin duen edo lortu duen hori indartu nahian, “egin duzunarekin nola sentitu zara? Zer adierazten didazu horrekin?...” moduko espresioak erabili ahal izango ditugu.
Behatuz, lagunduz, alboan egonez eta indarra emanez ere maita ditzakegu gure haurrak; bere buruaren jabe bihurtuko ditugu, eta diren pertsonaz harro egotea lortuko dugu.